Creado por: irekia ej-gv Administrator
Últimos miembros: 91
Zergatik sortu da IREKIA?
Herri administrazioak duen ohiko arazoetako bat herritarrekiko duen gertutasun eza da. Herritarren eta administrazioaren arteko harremana lau urtean behin bozkatzeko eskubidea erabiltzera mugatuta egon da. Baina herritarrak badu gobernuari zer esan hurrengo hauteskundera arte igarotzen diren gainerako 1.400 egun horietan. Hor sortzen da open government bat edukitzeko beharra, harremanetan jartzeko modu berri bat, komunikazio, iritzi, elkarlan eta herritarren eta administrazioaren arteko harreman zuzenerako bide batzuk ezartzen dituena, gaur egun Internetek eskaintzen dituen erabilgarritasun berriei esker.
Jatorrizko ideia horretatik abiatzen da Euskadiko gobernu irekia, Irekia, herritarrak euskal administraziora gerturatzea oinarritzat hartuta, herritarrari gobernuaren ekintzak kontrolatzea, horietan parte hartzea eta erabakiak hartzea ahalbidetuz, pertsona bakoitza gobernuaren eta bere politiken zati sentitu dadin. Azken helburua demokraziaren jatorrizko ideia egia bihurtzea da: guztion artean gobernatzea. Horrela, aldaketa kultural bat ematen da, eginkizunak aldatzen dira eta herritarrak eragile pasibo izateari, soil-soilik mezuen hartzaile izateari, uzten dio, eragile aktibo bihurtzeko pausoa emanez, berari eragiten dioten, axola dioten erabakietan parte hartzen duen herritar bihurtuz, eta erabaki horietan modu eraginkor, erraz eta iraunkor batean parte hartuz.
Irekia Eusko Jaurlaritzaren proiektu orokor bat da, Patxi López lehendakariak sustatutakoa. Bere apustu pertsonala izan da euskal herri administrazioaren barruan iraultza kultural honen buru izatea, gardentasuna lortzeko eta bertan herritarren iritzia benetan garrantzitsua izateko.
IREKIAren 3 oinarriak:
Irekia proiektua funtsezko 3 printzipiotan oinarritzen da.
1. Gardentasuna. Jaurlaritzatik herritarren eskura jarriko dira denbora errealean bere jarduera, plan eta asmoei buruzko informazioa eta datuak. Herritarrek informazioa eduki dezaten, eta berehala eta bitartekorik gabe euren iritziak emateko aukera izan dezaten.
2. Parte-hartzea. Gobernuak erabakitzen dituen legeak, dekretuak, neurriak edo bestelako erabakiak eztabaidatu, baloratu, kritikatu eta osatu ahal izango dira (baita horiek eratu baino lehen ere) herritarren iritzien bidez. Ekarpen horiek Jaurlaritzak bultzatutako neurrien gainean egin ahalko dira, baina herritarrak bere proposamen propioak planteatzeko aukera ere izango du, eta horiek ere guztion artean eztabaidatu eta aztertu ahal izango dira.
3. Elkarlana. Eusko Jaurlaritzak herritar, enpresa, GKE eta gainerako euskal administrazioekin kolaboratu nahi du, tresna berritzaileak eta elkarlana hobetzen duten lan metodo berriak ekarriz. Entzungo diegu eta elkarrekin lan egingo dugu, gizarte konektatuago bat eraikitzeko.
Nola funtzionatzen du IREKIAk?
Filosofia hori egia bihurtzeko, Gobernu Irekirako eta Interneteko Komunikaziorako Zuzendaritzak webgune hau sortu du: www.irekia.euskadi.net Beti betan, etengabe eboluzionatzen eta aldatzen ari den orrialde bat da, gaurkortasunaren, garaien, teknologiaren eta, batez ere, plataforma hau elkarrizketan aritzeko erabiltzen duten herritarrek eta gobernuko eragileek eskatzen dituzten tresnen eskaeraren arabera.
Bi gune bereizten dira: bata, oro har herritarrentzako diseinatua eta bestea, espezifikoagoa, komunikabide edo webgune eta blogen profesionalentzako diseinatua.
Azken hori, Multimedia agentzia izenekoa da eta komunikabideetako profesionalei, blogariei eta ziberkazetariei zuzenduta dago. Bere zeregina da datuak, dokumentuak, argazkiak, audioak, bideoak eta beharrezko multimedia material guztia goi mailako kalitatean ematea, kazetariek, blogariek eta informatzaileek edo iritzi sortzaileek beren lana egin ahal dezaten. Helburua, ahalik eta lasterren, Eusko Jaurlaritza osotik sortzen den informazioa eta beharrezko multimedia materiala ematea da, horrekin berezko informazioak eta segurtasun, fidagarritasun eta berehalakotasun baldintza onenetan osatu ahal ditzaten.
Herritarrei zuzendutako sarbide orokorreko zatiak ere, Irekiak, ikus-entzunezko material hori guztia hartuko du, desberdintasun batekin: formatuek pisu txikiagoa izango dute, kontsumitzeko eta banatzeko arinagoak izan daitezen. Baina gehikuntza bat izango dute: gobernuaren jarduerarekin eta proposamenekin zerikusia duten informazioei buruzko iruzkinak, balorazioak eta iritziak utzi ahal izango dira.
Irekiaren barruan gune bat prestatu da herritarrei Jaurlaritzaren ekimen politikoen berri emateko. Batera lan egin dezagun du izena eta bi parte hartzeko gune izango ditu.
Gure proposamenak izenekoa, herritarrek, beren iruzkinez gain, Jaurlaritzako departamentuek, herritarren iritzia jasotzeko, beren eskura jartzen dituzten lege, dekretu, neurri edo ekimenei buruzko ekarpen zehatzak uzteko diseinatuta dago. Helburua da horiek herritarren eta administrazioaren arteko elkarlanaren bidez eratzea.
Eta gune horrekin batera, Zure proposamenak izenekoa dago. Bertan, gobernuaren proiektuez aparte, herritarrak berari interesgarri zaizkion gaiei buruzko proposamenak luzatu ahal izango ditu.
Herritarrek parte hartzeko gune handi hau Innobasque Euskal Berritzaileen Komunitatearen sare sozialean dago, herritarren parte-hartzea ahalik eta seguruena, fidagarriena, errazena eta arinena izateko beharrezkoak diren tresnak jasaten dituena, herritarren eta gobernuaren artean ideia eta proiektuei buruzko eztabaida bat sortzeko.
Sailek aztertuko dituzte ekarpen guztiak eta horiek baloratu ondoren erantzun egokia aztertuko dute. Jaurlaritzak baliatu ditzakeen ideiek, gobernuaren lege, neurri eta dekretuak prestatzen, diseinatzen eta eratzen dituzten lan taldeetan erabiltzen duten materiala osatuko dute. Eta helburua da herritarren ekarpen horiek Jaurlaritzaren berezko lege, dekretu edo ekimenen zati bihurtzea.
Software librea
Eusko Jaurlaritzak software librearen alde egindako apustua utziezina da. Irekia proiektu osoa software libreko programez diseinatuta dago. Programa horiek, sartzen eta erabiltzen doazen aplikazio guztiak modu erabat librean eta doan erabiltzea eta banatzea ahalbidetzen dute. Printzipio honi lege estaldura emateko aukeratutako lizentzia Creative commons by izenekoa da, eta horrela, herritarrek gune honetan sortzen den informazio emari guztia eskura izango dute, eta inolako mugarik eta kosturik gabe erabili, erreproduzitu edo banatu.
Sare sozialak eta arreta aktiboa
Sare sozialetan emango dira maiztasun handienarekin gobernuaren jardueraren inguruko eztabaidak. Sare horietara ere iritsaraziko da Jaurlaritzaren jarduera, izan ere, gobernuak berak sortutako informazioa, baita sustatutako neurri edo legeak eta herritarren iritzi edo ekarpenak ere, sare sozialetan errepikatuko baitira, kontuan hartu behar baita herritar guztiek informazioa ez dutela soilik Irekiaren bitartez eskuratuko.
Sare sozialetan sortuko den eztabaida hori ere jasoko du gobernuak, eta arauak edo legeak eratzeko eztabaida eta prozesuetan erabiliko du. Arreta aktiboaren aurrean gaude, agintaldi honetan zehar garatzen joango den tresna. Izan ere, gobernuak uste du garrantzitsua dela herritarrak dioena entzutea, non ere dioen. Argi dago sare sozialetan eztabaida ugari sortzen direla, gobernuaren ekintzarako garrantzitsuak izan daitezkeenak, baina baita, gobernutik kanpo dauden beste blog, orrialde, foro, komunikabide eta abarrentzako ere. Herritarrak, bere kezkak eta beharrak adieraziz, iritzia eman dezakeen foro guztietan begiratu eta entzutea da kontua.
Hasi da bidaia
Lao-Tse filosofo txinatarrak, Jesukristo baino 500 urte lehenago, esan zuen bezala, "bidaiarik luzeena lehenengo pausoarekin hasten da". Zalantzarik gabe, Irekiak hasiko duen bidaia prozesu luzea izango da, eta gaur arte euskal herritarren eta administrazioaren arteko harremanetan ezagutu ez den aldaketa kulturala ekarriko du. Hori erronka bat da Eusko Jaurlaritzarentzat eta herritarrentzat, non guztiok gure ekarpena egin dezakegun, gardentasuna eta parte-hartzea, ez lortu beharreko helburu bat, baizik eta herri administrazioaren funtzionamenduaren berezko ezaugarri bat izatea lortzeko.
Sareak eskainiko dizkigun tresna eta erraztasunen mendean, etengabe aldatzen eta eboluzionatzen doan proiektu batean aurrera egiteko lehenengo harria da.
Ez dugu itxaropen faltsurik sortu nahi; aldaketa filosofiko eta kultural honetarako prestatzen ari gara bai gobernuko eragileak baita herritarrak ere. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzatik lehenengo harria jarri dugu proiektu honen bitartez, baina lan irekia da, eta guztion artean osatzen, eboluzionatzen, ikasten, akatsak zuzentzen eta ebaluatzen joango gara. Erronka garrantzitsua da, Irekia sortzean egon den ilusioa bezala.
Última actualización hace 185 dias por irekia ej-gv Administrator
Debes regístrate para poder hacer comentarios y participar en la comunidad.
|
|
|
|
|
